|
Hernaniko udalerriak 42 km²-ko azalera du, gutxi gorabehera. Gipuzkoako ipar-ekialdean dago eta honako udalerri hauek ditu mugakide: Donostia, Astigarraga, Arano, Elduain, Errenteria, Lasarte-Oria eta Urnieta. 19.289 biztanle ditu, 2009ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera. Herrira iristeko, GI-131, GI-3410 eta GI-2132 errepideak har ditzakegu. RENFEren aldirietako zerbitzuak baliatuz ere iritsi gaitezke, baita GARAYAR, HIJOS de A. AREIZAGA eta LURRALDEBUS konpainietako autobus-zerbitzuak baliatuz ere. Ikusten dugunez, Hernani ondo komunikatua dago, Lisboa - Madril - Paris europar ardatzaren ondoan eta Kantauri itsasoa Mediterraneoarekin lotzen duen bidearen ondoan (Bilbo – Donostia - Iruñea - Zaragoza - Bartzelona); gainera, 100 km-ko erradioan gutxi gorabehera, bost aireportu daude: Loiu (Bilbo), Foronda (Gasteiz), Noain (Iruñea), Hondarribia (Donostia) eta Biarritz. |
Udalerria, depresio sublitoral kantauriarraren eremuan egonik, malkartsua eta menditsua da, eta Urumea ibaiak zeharkatzen du. Azken hori herriko ardatz hidrografikoa da, eta ugariak dira bertara biltzen diren errekak. Herrigunetik, Santa Barbara mendiaren magalean, Urumearen ibarreko eremu zabala eta inguruko mendi guztiak ikus ditzakegu, eta, bertan, hainbat hondar megalitiko eta/edo prehistoriko aurkitu: trikuharriak (Akolako Lepoa eta Igoringo Lepoa), cromlech eta tumuluak (Oindi-Mandoegi, Muniskeugaina, Etzelako Lepoa) eta abar, kultura-intereseko ondasun gisa sailkatuta daudenak. Hainbat hernaniarrek lehen sektorean jarduten badute ere, nekazaritzan bereziki, industriaren eta zerbitzuen sektoreak dira Hernaniko jarduera ekonomiko nagusiak. Eta, gainera, Hernanik zerbitzu-sektore osoa eta askotarikoa dauka. Eta harro eusten dio sagardoa produzitzeko tradizioari; horri esker, sagardotegiak, gaur egun, herriko erakargarri nagusietako bat dira. |
Buruntzaldeako enpresek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil)... Informazio gehiago